1.917 –  2.006

Mercedes Aginaga Uribe Plentzian jaio zen 1917. urtean. Mercedes txikitatik egon da itsasoan bere aita, Ramon Aginaga, itsasgizona baitzen. Ramón gaixotu zenean, bere emazteak, Claudia Uribek, janari-denda bat irekitzea erabaki zuen familiak eguneroko gastuentzako eta sortu zitekeen edozein ustekabekoei aurre egin ahal izateko diru-sarrera bat behar zutelako. Hasieran, denda Plentziako eskaileratxoetan zegoen eta gero Kristora lekualdatu zuten.

19 urterekin, 1938. urtean, Mercedes Joaquinekin ezkondu zen eta bikoteak bi seme-alaba izan zituen: María Mercedes eta José Ramón. Hala ere, José Ramón jaio eta denbora gutxira, Mercedes eta Joaquín “gorputzez” banandu ziren, hau da, fisikoki banandu ziren eta elkarrekin bizitzeari utzi zioten. Mercedes, seme-alabekin batera bere amaren etxera bizitzera joan zen.
Nahiz eta Claudiak fundatu zuen janari-dendan lan egiteko aukera izan, Mercedesen ametsa bidaiatzea eta mundua ikustea zen lan egiten zuen bitartean, bere aitak egin zuen bezala, profesioz itsasgizona. Garai hartan, Mercedesek bazekien itsasontzi batean lan egiteko ametsa lortzeko zailtasunak izango zituela: alde batetik, asma pairatzen zuen eta, beraz, tratamendu mediko zorrotza jarraitzen zuen (gaixotasun hori nabigatzen hasi zen urtean desagertu zen. Hori horrela izanda, erretzen hasi zen, 89 urterekin hil zen arte); eta, beste alde batetik, bere senarraren baimena behar zuen zeinak, nahiz eta harekin harreman ona izan, baimena emateari uko egiten zion.

Hala ere, zailtasun horiek ez zuten Mercedes geldiarazi. Aitzitik, bere helburua lortzeko zeru-lurrak mugitzera bultzatu zuten. Plentziako abokatu baten laguntzarekin eta epaiketa ondoren, bere senarrarekiko “gorputz eta arimen banaketa” lortu zuen, hau da, legalki banandu ziren.

Banaketa legala lortu ostean eta familiarekin hitz egin ondoren, Mercedesek Felix Gastiarenarengana jo zuen, Aznar Ontzi-enpresaren Ikuskatzailea, nabigatu ahal izateko dokumentazio guztia konpondu zuenak.

Itsas bidaiak egiten zituen bidaiari itsasontzietan lan egiten egon zen 11 urteetan zehar, bereziki Aznar Itsas-enpresan “mendi” (Urbasa, Udala eta Uribe) izena zutenetan nabigatu zuen. Lan egin zuen lehenengo itsasontzia Urbasa deitzen zen, bertan zerbitzari postua zuen. Bere lehen laneguna 1957ko uztailaren 16a izan zen, 40 urte zituela. Bidaiatzen hasi zen lehenengo urtean abordai bat izan zuten beste itsasontzi baten kontra, baina Mercedes ez zen koldartu eta nabigatzearen ilusioarekin jarraitu zuen.

Nabigatzen egon zen urte horietan, Mercedes aukera zuen bakoitzean familia bisitatzen saiatzen zen, hau da, portu hurbiletara heltzen zenean, Santurtzikoa esate baterako, Plentziara joaten zen familiarekin egoteko, oporraldiaz gain, 2 edo 3 hilero gertatzen zena.

Itsasontzietan lan egiten irabazten zuen soldataz gain, lehenengo zerbitzari bezala eta, ondoren, lisatzaile moduan, Mercedesek Kanariar Irletan lortzen zituen produktu eta artikuluen salerosketarekin diru-sarrera “estra” bat eskuratzen zuen. Kamisoiak, mantalak, lentzeria, erlojuak eta bitxiak bezalako produktuak lortu eta Buenos Airesen saltzen zituen.

Mercedesek 1968. urtean nabigatzeari utzi zion. Plentziara bueltatu bezain laster, Arantzazu Kateak deitu zuen hotel katean gobernari bezala lan egiteko. Hala ere, Mercedesek eskaintza ukatu behar izan zuen adin aurreratua zuen amaz arduratu behar zelako. Beraz, janari-dendan lan egiten hasi zen eta Claudiak erretiratzeko aukera aprobetxatu zuen.

Urteak igarotzean, Mercedes konturatu zen bere erretiro-pentsioa handiagoa izango zela itsasontzi batean lan egiten jarraitu izan balu eta, hori dela eta, 61 urte zituenean berriz ere nabigatzea pentsatu zuen. Baina, oraingo honetan, familia bere kontra agertu zen eta amaren establezimenduan lan egiten jarraitu zuen.

Mercedes Aginaga Uribek bere ametsa errealitatea bilakatzeko borrokatu zuen emakume langilea da. Bere kimera bidaiatzea eta mundua ezagutzea zen lan egiten zuen bitartean. Inork ez daki zehazki zenbat herrialde bisitatu zituen bere lanbide-karrera zehar, baina berak esaten zuen esaldia ezaguna da: “Mundu osoa ezagutzen dut baina Madrilen ez naiz inoiz egon”. Adoretsua eta abenturazalea, Mercedesek helburu guztiak lortzeko jarrera irmoa zuen.