1.897 – 1.984

Vicenta Arteta Zabala Urdulizen jaio zen 1897ko urtarrilaren 22an. Bere ama, aita eta zortzi anai arrebekin bizi zen herri horretako baserri umil batean.

13 – 14 urte inguru zituela, bere amak Algortako dentista kontsultara eraman zuen, izan ere, garai hartan ez zeuden dentista kontsultarik herri guztietan. Hagin bat atera ostean, dentistak komentatu zien bere seme-alabak zaintzeko neska bat bilatzen ari zela. Kontuan hartuz Vicentaren familia oso zabala zela eta baliabide ekonomiko eskasak zituztela, Vicentak lan eskaintza onartu zuen. Dentistaren etxean hainbat urte lanean egon zen Plentziako Palas hotelaren ondoan bizi zen familia zerbitzatzera joan zen arte.

Gorlizko ospitalea XX. mende hasieran inauguratu zuten, 1919ko ekainaren 29an. Ospitalea eraikitzeko Burgoseko gizon talde bat kontratatu zuten, zeinean Vicentaren senar izatekoa, Dionisio Manzanedo Gutiérrez, aurkitzen zen. Elkar ezagutu ondoren ezkondu egin ziren, Goiene kalera bizitzera joan ziren eta Vicentak Plentziako familiaren etxeko enplegua utzi zuen.

Bikoteak hiru seme-alaba izan zituen: Mercedes, Rosario eta Florencio. Familia umila zen, beraz, gogor lan egin behar izan zuten familia aurrera atera ahal izateko. Bata eta besteak hainbat lanbide burutu zituzten. Dionisio udal pregoilaria eta zapata konpontzailea zen, eta beraz, bere ofizioa gauzatu ahal izateko bikoteak lokal txiki bat alokatu zuen. Vicenta emagina zen eta Plentzia eta inguruko herri eta auzoetako erdi-hurren zeuden emakume gehienak artatzen zituen. Horrez gain, hilerriaren ondoan zuten ortu, etxeko lan eta seme-alaben zaintzaz arduratzen zen.

Diru-sarrera areagotzeko asmoz, txurro denda bat inauguratu zuten gaur egun Eroski supermerkatua dagoen tokian. Bertan domeka guztietan (denda zabaltzen zuten egun bakarra) txurroak eta garagardoak saltzen lan egiten zuten.

1938. urtean, Rosario, seme-alaba nagusiena, 14 urte zituela meningitisak jota hil zen. Gertaera honen ondoren, Vicentarentzat etxe horretan bizitzea oso gogorra bilakatu zen, izan ere, txoko bakoitzak bere galera gogorarazten zion. Hori horrela izanda, urte horretan bertan, Barrenkale kaleko hiru pisuko etxe batera bizitzera joan ziren: familia bigarren solairua okupatu zuen eta lehenengoan zapata-denda kokatzea erabaki zuten, horrela lokalaren errenta aurreztuko zuten. Horrez gain, uda guztietan, familia osoa hirugarren pisura bizitzera joaten zen, bigarren pisua uda parteko hilabeteetan Plentziara joaten ziren pertsonei alokatzen baitzien.

1946. urtean, 49 urte zituela, Vicenta alargun gelditu zen. Egoera honen aurrean, txurro denda eta emagin bezala gauzatzen zituen enpleguez gain, sukaldari, antxoa saltzaile eta harakin bezala lan egitea erabaki zuen. Horrela, garai hartan Udalaren atzean (hau da, gaur egun frontoia dagoen tokian) zegoen Batzokiaren sukaldean lanean hasi zen. Beste alde batetik, lagun batekin batera itsasadarrean itsasontziak itxaroten zituen eta horiek heltzerakoan antxoaz betetako galdara bat erosten zuten, ondoren, etxez-etxe saldu ahal izateko. Azkenik Madariaga familiaren harategian odolosteak eta txorizoak lotzeko kontratatu zuten.

Vicenta Arteta Zabala, nahiz eta funtsean emagina bezala ezagutu eta gogoratua izan, bizitzan zehar familia aurrera ateratzeko hainbat profesio burutu behar izan dituzten Plentziako emakumeen adibide bat da. Energia agortezin eta irri eta poztasun ikaragarria zuela Plentziako auzokideen gogoan izango da beti. Gauzatu duen lanagatik eta bere izaera eta pertsonagatik gogoratua izango da.