1.901 – 1.994
Manuela Sistiaga Orozco 1901eko ekainean jaio zen Plentziako Isuskiza auzoko baserri batean.
1920. urtean, Manuelak 19 urte inguru zituenean, Ramón Bilbaorekin ezkondu zen. Bikoteak Plentziako etxebizitza batera bizitzera joan zen, hala ere, 8 edo 9 urte geroago Ramónen amaren etxera, Gandiako baserri batera, bizitzera joan ziren. Horretarako etxebizitza bi zatitan banatzea erabaki zuten, haietako batean bikote gaztea bizi zedila eta bestean Ramonen ama.
Manuela eta Ramonen arteko ezkontzatik Ramón, Margari, Mari, Manu, Felisa, Madin, Consuela (oso txikia izanda hil zena) eta Josefina jaio ziren.
Ramón, Gorlizeko Udalan teniente alkatea izateaz gain, itsasgizona zen. Manuela, aldiz, ortuan ereiten zituzten elikagaien laborantzaz eta bilketaz eta animaliekin (oiloak, txerriak…) lotutako guztiaz arduratzen zen. Horrez gain, seme-alaben zaintza eta etxeko lanak beregain hartzen zituen.
Ezkondu eta 15 edo 16 urte geroago, Ramón atxilotu zuten gorria izateaz salatuz eta Larrinaga espetxean hilabete batzuk pasatu zituen. Alaba nagusia, Margari, egunero aitari bisita egitera eta jateko zer edo zer eramatera joaten zen, egun batean, Larrinagara heltzerakoan, bertan ez zegoela adierazi zioten arte. Familiak Ramón non zegoen ez zekien. Egun batzuk geroago, Gorlizeko auzoko batek Manuelari komentatu zion bere senarra, beste hainbat presorekin batera, Derion fusilatu zutela.
Manuelak elikatu eta hezi behar zituen zortzi seme-alabekin alargundu zen. Hori dela eta, aurrera jarraitu ahal izateko familiako kide bakoitzak ahal zuen guztia ematen zuen. Manuelak ortu eta animalien zaintzarekin jarraitzen zuen eta seme-alabei lanaren garrantzia eta beharra irakatsi zien. Arrazoi horrengatik, eta amak irakatsitakoa jarraituz, denak txikitatik lanean hasi ziren: mutilek ondoko baserrietako baratzetan eta obran lan egiten zuten; neskek, aldiz, laguntzaile bezala eta umeak zaintzen. Egunero soldata etxera zeramaten.
Bilbao Sistiaga familia oso langilea izateagatik ezaguna zen. Noizbait, laguntzaile gisa lan egiten zuten pertsonak bilatzerakoan, Hiribilduko jendea Manuelaren etxera jotzen zuten honen alabak bilatzeko asmoz, izan ere, neska arduratsuak eta langileak zirela komentatzen baitzen.
Manuela Sistiaga Orozko emakume indartsu eta adoretsua zen, behar, miseria eta oztopoz beteriko garai batean, familia aurrera ateratzea lortu zuena. Manuela eta bere familia pertsona langile eta borrokalariak izateagatik oroituak izango dira.