Teresa (1.910 - 1.992) y Mercedes (1.915 – 1.993)
Teresa eta Mercedes Bareño Plentziako Artekale kalean jaio ziren 1910 eta 1915. urtean hurrenez hurren. Hauen aita, Bernardo Samuel Bareño, Naviera Sota y Aznar-ean makina-nagusia zen eta ama, María Concepción Artaza, seme-alaben zaintzaz eta etxeko lanez arduratzen zen añen laguntzarekin batera. María Concepción familia dirudun batetik zetorren emakume xarmangarria zen. Bere jatorriak bizitza erosoa izatea ahalbidetu zuen.
Bareño Artaza familia Teresa, Mercedes eta hauen neba Enrique jaio ziren etxean hainbat urte bizi ziren, Gandiara lekualdatu arte.
Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz, familiaren egoera aldatu zen: Bernando Samuel Bareño Palma Mallorcan hil zen, gerrateagatik setiatuta zegoen tokian, eta zailtasun ekonomikoak eta eskasia Bareño familiaren etxera heldu ziren. Hori dela eta, Teresa, Mercedes eta Enrique Plentzian klase partikularrak ematen hasi ziren: irakurtzen eta idazten irakasten zuten, errebalidaren azterketak prestatzen laguntzen zuten eta errefortzu klaseak ematen zituzten.
Teresak eta Mercedesek andereño bezala lan eginda lortu zuten diru-sarrerei esker, familiaren gastu komunak ordaindu ahal izan zituzten. Hala ere, Enrique nebaren soldata merkatari-irakasle ikasketak ordaintzeko soilik erabili ziren, izan ere, garai hartan, sakrifizio ekonomiko guztiak gizonezkoei zuzenduta zeuden. Beraz, Enrique izan zen goi mailako ikasketak gauzatu zituen bakarra.
Urte batzuetan zehar, Teresak eta Mercedesek irakaskuntza-akademia bat ireki zuten, zeinetara Plentziako ikasle zein uda parteko hilabeteetan udatiarrak joaten ziren, baina akademia itxi behar izan zuten eta etxez etxe lan egitea erabaki zuten.
Bareño ahizpen familian liburu, kontaera eta hezkuntzarekiko gustu eta interes handia egon da beti, zeina ikasleei transmititzen saiatzen ziren. Gazteek irakurtzea eta idaztea ikas zezaten eta ikasketak gaindi zezaten oso saiatuak ziren.
Mercedes eta Teresarentzat, andereño bezala jardutea, ez zen enplegu soil bat, askoz haratago zihoan, bokazioa zen. Haien iritziz, eta orokorrean familia osoaren iritziz, hezkuntza pertsonen garapenerako eta etorkizun on bat eraiki ahal izateko aukera gehiago lortzeko, hezkuntza funtsezkoa zen.
Klase partikularrak eman baino lehen, Teresak eta Mercedesek ikastetxeetan erabiltzen zen sistema ikasten zuten hezkuntza eredu horretara moldatzeko.
Nahiz eta Bareño ahizpek ofizioa eta irakasteko gogoak partekatu, oso emakume ezberdinak ziren. Mercedes izaera oneko emakumea zen, adeitsua, uzkurra eta konbentzionala. Teresa, aldiz, guztiz kontrakoa zen: modernoa, independentea, konbentzionalismoak gogoko ez zituena eta jendeak esan zezakeenaz arduratzen ez zen espiritu askea. Ez zuen onartzen inork bere burua zapaltzea.
Teresak euskal mitologiarekin nahasten eta Plentzian eta inguruetan girotzen zituen ipuinen bitartez pertsonak mundu magiko batera eramateko gai zen. Horrela, historia eta pasadizoen bitartez, hurrengo belaunaldiei familiaren jatorriari buruzko informazioaren transmisioaz arduratzen zen.
Teresa eta Mercedes elkarrekin bizi izan dira beti. Nagusiak zirenean, Teresak pneumonia hartu eta Mercedesek, ahizpa zuhurrenak Barrikako egoitzan bientzako tokia eskatzea erabaki zuen izan ere, bere ustez, pixkanaka ezin izango zuten bere kabuz moldatu eta zaintzen beharra izango lukete.
Hala ere, Mercedes egoitzaren bizitzara berehala moldatu zen bitartean, Teresak ez zuen bere tokia aurkitzen eta, aukera zuen bakoitzean, Barrikatik Gandiara paseatzen joaten zen katuei jatekoa emateko.
Teresak bere familia etengabe txunditzen zuen. Egoitzara bisitan joan ziren egun batean, pianoa jotzen eta duela hainbat urte ikasi zituen abestiak gogoratzen hasi zen. Momentu hartara arte, ez zien bere ilobei komentatu haurtzaroan eta gaztaroan piano klaseak jaso zituela. Misterioez beteriko emakumea zen.
Bareño ahizpek hainbat belaunaldien irakasle izan ziren, hirurogei urteak izanda aktibo mantentzen baitziren. Ikasle ohiak haiengana jotzen zuten seme-alabak ikasketekin lagun zitzatela eskatzeko. Ikasleek ahizpen gogortasuna eta iraunkortasunagatik gogoratzen dituzte. Familiak, aldiz, Mercedes adeitsua eta eskuzabala izateagatik eta Teresa pertsonak magia, misterio eta ametsetako mundu batera eramateko zuen gaitasunagatik gogoratzen dute.
Teresa eta Mercedes Bareño gerrateak ez balitu beraien bizitzak hautsi askoz urrunago irits zitezkeen emakumeen adibideak dira.