1912 - 2009
Aurora Aurea Garay, Aurorita bezala ere ezaguna, Andraka-Lemoizen jaio zen 1912. urtean eta Algortako moja-ikastetxe batean hezi zen. Bertan, gutxi gorabehera 14 urtera arte ikasi zuen.
Txikitatik pertsona oso urbanita zen eta bazekien Andrakan ez zuela bizi nahi, mugimendu gehiagoko tokiak nahigo zituen. Ikastetxean ikasketak bukatu ostean, bere amak Eugenia Ecenarroren, bere izekoren, etxera Plentziara bizitzen joateko aukera eskaini zion. Dudarik gabe, Aurorak onartu eta Hiribilduan bizitza berri bat hasi zuen, bere izekoren mertxerian lagunduz.
Urte batzuk geroago, Aurorak Bilbora ehuntzen ikastera joateko erabakia hartu zuen eta, beharrezko ezagutza guztiak bereganatu ostean, Plentziara bueltatu, Artekale kalean etxebizitza bat bilatu eta bertan tailer bat ireki zuen, non puntuzko hainbat jantzi eta neurriz egindako jertseak ehuntzen zituen.
Aurora emakume, gizon eta umeentzako jertseetan espezializatu zen. Bularreko umeentzat izan ezik, edozein pertsonentzako soinekoak egiten zituen. Bezeriak tailerrean jertsearen eredua eta artilea aukeratu eta, ondoren, Aurorak Bilbon materiala erosi eta berak jantzi guztiak neurrira ehuntzen zituen.
Batzuetan, egiten zituzten enkargu anitzen ondorioz, jertseen atalak ehuntzeko pertsonaren bat kontratatu behar zuten, baina bera zen beti jantziak bukatzen zituena, horiek josten eta muntatzen.
Tailerraz aparte, Auroraren etxera Plentziako auzokoak eta, bereziki, pertsona hurbilak eta etxekoak, hitz egitera eta bisita egitera joaten ziren. Nahiz eta lan eta enkargu ugari izan, Aurora ahal zuen heinean lagunak eta familia laguntzeko prest zegoen beti. Behar garaian edo momentu alaietan, bertan zegoen aholkuak eta laguntza emateko. Auzokideekin asko inplikatzen zen eta egunez norbait lagundu behar izan bazuen ez zitzaion inporta gauez lan egitea.
Aurora adoretsua eta segurua zen. Ekina zen eta bere helburuak lortu arte ez zuen amore ematen. Gerra garaian bere koinatua desagertu zen eta Aurora ikertzen hasi zen, auzokideekin eta ezagutzen zituen pertsonekin hitz egiten. Azkenean bere koinatua Salvatierran zegoen lan batailoi batean aurkitu zuen.
Aurorak oso izaera berezia zuen eta betidanik argi izan zuen bakarrik bizi nahi zuela. Gauzak egiteko era, ohiturak eta bizimodu zehatza zuen eta pertsona batekin bizitzeagatik ez zituen horiek aldatu nahi. Horrekin batera, pinpirina izateagatik gogoratua izango da, beti takoidun zapatekin, ilea apainduta eta ondo makillatua.
Aurora Garay Plentzian oso pertsona maitatua izan da, bai etxekoengatik zein pertsona ezagun, bezero eta Hiribilduko auzokoengatik. Emakume independentea zen, bere negozio propioa aurrera atera eta behar eta zailtasunez beteriko garaian bere bizitza eraiki zuena.